Descripción
«Atzo izanen da bihar izan dena. Gure gaurko istorioek ez dute zertan orain gertatu beharrik. Honako hau duela hirurehun urte baino lehenago hasi zen. Beste batzuk ere bai. Hain luzetik dator Alemanian jazotzen den edozein istorio». Horrela hasten da Batzarra Telgten hau, nolabait ere azpimarratu nahian orain-oraingo gatazkek iraganean dutela sarri beren zuztarrak. Eleberri honetan agertzen diren gertakariak Hogeita Hamar Urteko gerraren azken urteetan kokatzen dira. Izan ere, gerra hark ohiko ikara guztien muga gainditu zuen, iraupenagatik zalantzarik gabe, baina baita ankerkeriagatik eta egindako sarraski zenbatezinengatik ere. Giro horretan, bakearen esperantza halaz ere inoiz galdu gabe, batzen dira idazleak Telgten, testuan behin baino gehiagotan esaten denez, aleman hizkuntza baita oraino ere batzen dituen gauza bakarra. Eta ez da buruari lar eragin behar gure gaurko Euskal Herriarekiko antz eta parekotasunak ikusteko, hala nola aleman hizkuntzaren batasunaz aritzen direnean, edota bakeak zein gerrak sorrarazten dituen oztopoez eta lazeriez berba egiten duten guztietan. Eta haatik, Grass-ek ez du inoiz itxaropenaren iturria itxiko. Agian, bera eta bere belaunaldikideak gerra ezin izugarriago batetik irten berriak zirelako. Marcel Reich-Ranicki-ren iruzkinak ongi definitzen du Grass-en literaturgintza: «Grass-ek aleman idazle gogaideen istorioa kontatzen du, beti ere jarrerarik onenaz, ironia maitekorraz eta umore sendoaz, eta egunotako aleman literaturan antzekorik ez daukan halako arte batez».