Descripción
Juan San Martinek, arartekoa izandakoak, euskararen inguruan idatzi duen liburu hau hiru zatitan dago banatuta. Lehenengoa hitzaurre moduko testu luze bat da. Idazleak euskaltasunera egin duen ibilbidea gogoratuz, euskararen inguruko arazoak ikuspegi demokratiko eta humanista batetik zehazten saiatzen da. Ez du inoiz ere abertzaleenganako kritika saihesten, hauengan ikusten baitu gaia era egoki batean bideratzeko ahalmena. Edonola ere, guztiekiko errespetua da testu honen oinarrizko ardatza. Bigarren atala 1996.ean idatzi omen zuen eta “Euskararen berri onak eta berri txarrak” deitzen da. Historian zehar euskararen egoerak jasan dituen gorabeherak azaltzen ditu orrialde horietan, ofizialtasunaren aldeko joerak eta euskararen kontrako erasoak edota hizkuntza honi jarritako oztopoak, laburki bada ere, azaltzen dituelarik. Hirugarren zatiak 1969.eko data dauka eta urte hartan argitaratu zen, egoera bitxi batean, hala ere. Datari erreparatuz gero, laster konturatuko gara han aipatzen den egoera neurri handi batean gaindituta dagoela: euskararen ofizialtasuna eta estandarizazioa etorkizuneko arazo ilunak ziren orduan, orain ez bezala. Dena dela, liburu hau zenbait euskalduni balia dakioke gai honetaz beste ikuspegi bat izateko.