Dabilen harriari goroldiorik ez. Militantziaz eta horizontaltasunaz hausnartzen

5,00

vvaa
2014052000015 – Joxemi Zumalabe – 2014 – 186 páginas /orri.

1 disponibles

Descripción

DABILEN HARRIARI GOROLDIORIK EZ
Militantziaz eta horizontaltasunaz hausnartzen

 

zumalabe_logo_berria_moztuta_hi

Ondorengo dossier honetan “dabilen harriari goroldiorik ez” gogoetaren aurkezpenaz hainbat
azalpen eman nahiko genizueke. Eskertuko dizuegu, nahi izanez gero, maiatzean martxan jarriko
dugun hedapen eta sozializazio fasean zuen komunikabideetan tartetxoren bat egitea.
Aurkezten hasiko garen proiektu honen helburu orokorra herrigintzan dihardugun talde zein
banakakoon parte hartze ereduari buruzko hausnarketa kritikoa bultzatzea izan da. Herri
mugimendua osatzen dugun kolektibo eta mugimenduon jarduerak begirada kritikoz aztertzea,
alegia. Aritze horretan modu eta funtzionamendu horizontal, parekide, anitz zein askatzaileagoak
bultzatzeko asmoz. Aurkezten ari gatzaizkizuena aktibismo edo militantzia politikoari buruzko
eta kolektiboen barne horizontaltasunari buruzko gogoeta duzue.

PROZESUAREN AZALPENA (denbora, faseak, parte hartzea…)
Azken urteetan herri eragile eta herri mugimenduetako kide ezberdinen ahotik, makina bat galdera
eta ezinegon jaso izan ditugu. Ez gara gu izan militantzia ereduen eztabaida mahai gainean jarri
dugunok, kezka hori bolo-bolo sumatu izan baitugu herri eragile ezberdinen artean. Zer gertatzen
ari da aktibismo politikoarekin? Zer aldatzen ari da, zerbait aldatzen ari baldin bada? Zer dugu
hobetzeko? Zer etorkizunean saihesteko? Zer dugu akuilu eta zer oztopo?
Proiektu hau holaxe hasi genuen hain zuzen ere, kezka horiek jasoz eta horretan gehitu
genezakeen hondar aletxoa zein izan zitekeen geure buruei galdetuz. Azken finean, gaia mahai
gainean jartzeak ezinbesteko lanketa dakar. Punta askoko izarra baitugu, dimentsio ugarikoa.
Bide horretan Fundazioaren barruan 2012. urtean lan talde espezifikoa sortu genuen militantzia
ereduen lanketarako, eta tirriki-tarraka oinez hasi ginen. Horretan ari ginela, Fundazioan, barne
horizontaltasuna lantzeko tresna ezberdinen lanketa egiteko beharra zein gonbitea agertu
zitzaigun, eta horri erantzunez beste lan talde bati sorrera eman genion.
Bi taldeok hurbilekoak diren gaiak landuz egin dugu ibilbidea. Bakoitzak berea, propioa. 2013.
urtean baina, gogoetok eta lanak elkar ukitzeaz harago, gurutzatu ere egiten zirela ohartuta, bi
taldeon uzta politikoa batean bildu eta aurkezten ari gatzaizuen gogoeta hau elkarrekin eraikitzea
erabaki genuen.
EHko hainbat herri eragile eta 200 bat banakakorekin batera 2012.urtetik 2014.urte arte burutu den
gogoeta prozesua izan da hau beraz.
Lehen fasea amaitutzat eman ostean, maiatzetik aurrera gogoeta honen sozializazio eta
hedapen fase berria martxan jarri nahi dugu. Esan beharra daukagu hasieratik, gogoeta hau
konpartitu eta kolektiboa izateko xedea izan dugula, hala ere, horrekin ez dugu derrigorrezko
adostasun baten eraikuntzan aritu nahi izan. Gure hautua osatu dugun hausnarketa prozesu
etengabean Herri Mugimenduak osatzen dituzuen kideen laguntzaz, ekarpenaz eta gu denon
esperientziak jasoz eraikitzea izan da. Hedapen fase berrian norabide horretan urrats berriak
eman nahi ditugu beraz.

LIBURUXKA ETA DVD-A
Bi urteko prozesu honen ostean erditu eta eskuragarri jarriko dugun materiala honakoa da. Alde
batetik, bi lan taldeen gogoeta idatziekin osatutako liburuxka dugu eta bestetik, gogoeta beraren
osagarri eta aberasgarri diren materialez osatutako DVDa. Azken honetan, besteak beste, herri
mugimenduetako sei aktibistei egindako elkarrizketekin sortutako 40 minutuko dokumentaltxoa
ikus daiteke. Guzti horrez gain, bi urte hauetan egindako saioetan jasotako iritzi eta diskurtsoen
bilduma, gai honetan sakontzeko baliagarri izan daitekeen bibliografia komentatua edo
kolektiboetan gaia lantzeko baliagarriak izatea helburu duten tresna/dinamika zehatzak ere aurki
daitezke. Azken horri lotuta, maiatzetik aurrera martxan egongo den fundazioaren web-orri berrian
dinamika ezberdinak gaika antolatuta eskuratzeko eta deskargatzeko bilatzailea ere sortzen ari
gara.
Liburuxka eta DVDa eskuratzeko bideak oraingoz hauexek dira:
– DDT Banaketak (Bilbo).
– Kaxilda liburu-denda (Donostia).
– Katakrak liburu-denda (Iruñea).
– Zapateneo liburu-denda (Gasteiz).
– Guk antolatutako saio ezberdinak.

AURKEZPENAK
Esan bezala, gure asmoa gogoeta hau sozializatzea eta hedatzea da. Lehen urrats gisa, udaberri
honetan zehar hainbat aurkezpen eta eztabaida saio antolatuko ditugu. Hasteko, prozesuan parte
hartu duten kide guztiak (eta etorri nahi duen edonor) gonbidatuta egongo diren gogoeta
prozesuaren eta hedapen planteamenduaren aurkezpen/ospakizun ekitaldia egingo dugu.
Horren ostean, herrialdeka gogoetaren aurkezpen hitzaldi-tailerrak burutuko ditugu. Hona
hemen egutegia:

ZER NOIZ NON
Gogoetaren eta hedapen planteamenduaren aurkezpen eta ospakizun ekitaldia
Maiatzaren 8an arratsaldeko 7etan – Bilboko Hika Ateneoan
– Gipuzkoako aurkezpen hitzaldi-tailerra, Maiatzaren 14an arratsaldeko 7etan, Donostiako Kortxoenea gaztetxean

– Arabako aurkezpen hitzalditailerra, Maiatzaren 21a, arratsaldeko 7etan, Gasteizen. Gaztetxean.

– Bizkaiko aurkezpen hitzalditailerra, Maiatzaren 22an arratsaldeko 7etan, Bilboko “La Bolsa” gizarte etxean

– Ipar EHko aurkezpen hitzalditailerra, Maiatzaren 24an goizeko 10etan, Azkaingo gaztetxean

– Nafarroako aurkezpen hitzaldi-tailerra, Maiatzaren 29a arratsaldeko 7etan, Iruñean. Katakrak.

KONTAKTUA
Gurekin gai honen inguruan harremanetan jarri nahi izanez gero, azalpenak, argipenak,
elkarrizketak edo dena delakorako, hurrengo bideak erabil ditzakezue:
– Unai Txurruka: Tlf znb: 652731304
– Olatz Dañobeitia: Tlf znb: 608530124
– e-maila: dabilenharria@joxemizumalabe.org

Prozesua iruditan: bideo lotura hauetan ikus ditzakezue Topatu.info webguneak proiektuon
bi kiderekin egindako elkarrizketa, hala nola 2013ko irailean egin genuen Kontraste Tailer
Kolektiboan jasotako irudiekin plataforma berak egindako erreportaje txikia.

 https://www.youtube.com/watch?v=At2KLw5ytj8
https://www.youtube.com/watch?v=FtxzLzta0oo

Antolaketa: Joxemi Zumalabe Fundazioa