Descripción
Aitor Arana idazle emankorra eta sari ugari jasotakoa zela bagenekien, baina iaz marka guztiak hautsi zituen. Xabier Mendiguren Elizegik 1994an egin bezala, Euskaltzaindiak eta BBK-k antolatzen dituen literatura sarietan antzerkiari eta eleberriari dagozkion sari biak eskuratu zituen Aranak 2002an: Toribio Altzaga antzerki saria Lagun Mina lanari esker, eta Txomin Agirre eleberri saria Bost ahizpa honekin.
Ingelesek whodonnit? (nork egin zuen?) deitzen duten generoan sailka daiteke Aranaren eleberria: hainbat hilketa gertatzen dira, eta liburuaren amaierara heldu arte irakurleak ez du jakingo hiltzailea nor den. Horretan datza, hain zuzen, genero horren gakoa: irakurlea jakin-minez lotzen asmatzean, liburua ahitu arte irents dezan. Dudarik gabe, Agatha Christie da genero horretako idazlerik adierazgarri eta ezagunena. Aranak berak Hercule Poiroten sortzailea aipatzen du eleberrian, haren Hamar beltx zehazki. Ez alferrik, erraza baita Christieren itzala Aranaren eleberrian barrena sumatzea.
Misterioz eta krimenez beteriko istorioa harilkatu du Aranak. Bost ahizpa Arabako herri galdu bateko landetxe batean elkartu dira, aitak deituta. Aspaldi luzean ez dute aitaren berririk izan, txiki-txikitatik aitaren eta alaben arteko harremana (eta alaba batzuen artekoa ere bai) zail samarra izan baita. Landetxean, aitak ezusteko galanta emango die: aberats bilakatu da, baina laster hiltzekotan da, gaixotasun sendaezin batez, eta dirutza guztia asteburua etxean igaro ostean bizirik gelditzen den alaba bakarrari uztea erabaki du. Hori esanda, gurpil aulkiari lotua dagoen emazte ezindua akabatu eta bere buruaz beste egiten du, alaba guztien aurrean. Jarraian datorrena erraza da asmatzen: alabak banan-banan hiltzen joango zaizkigu, eta korapilo osoa askatu arte itxaron beharko dugu hiltzailea nor den jakiteko. Ikusten duzuenez, Hamar beltx-ekiko paralelismoak begi bistakoak dira.
Misteriozko eleberri bat irakurriz ondo pasatu nahi duen zaleak badu hemen aukera ederra, Bost ahizpa gustura irakurtzen baita, eta interesgarria da amaiera arte. Uda sasoian gaudenez, hondartzan edo belardi batean etzanda irakurtzeko liburu egokia da Aranarena. Zalantzak ditut, ordea, eleberri bati zerbait gehiago eskatzen dion zalea liburua irakurrita aserik geratuko ote den. Nik, eta nire iritzia baino ez da, ezin gaindituzko oztopo batekin egin dut estropezu: istorioa ez zait batere sinesgarria egiten. Bai, badakit fikzioaz ari garela, eta fikzio guztietan idazlearen eta irakurlearen arteko itun moduko bat dagoela (”kontatuko didazun istorioa inoiz ez dela gertatu jakin arren, benetakoa balitz bezala entzuteko prest nago, baldin eta erakargarria eta ondo kontatua bada”), baina kasu honetan istorioak egiten dituen itzulinguruak sinestezinak eta gehiegizkoak begitandu zaizkit.
Estiloari dagokionez, egileak egiten duen hautuaz ere zalantzak ditut. Estilo irakurterraza eta garbia darabil Aranak, egoerak eta gertaerak ondo esplikatzen ditu, eta nabari da istorio bat kontatzea hobetsi duela eta istorio hori ongi uler dadin saiatu dela beste ezeren gainetik. Oso aukera zilegia, inondik ere. Itakurle askok eskertuko dio, seguru asko, bide hori hartu izana. Batzuetan, ordea, idazkera hori idorra, adierazkortasunik gabea eta, batez ere, erdararen ereduari oso lotua suertatzen da, nire ustez.
Ez nuke eleberria irakurri nahi duen inor zapuztu nahi: lehen esan bezala, misteriozko nobela arin eta irakurterraza oporretarako poltsan sartu nahi duenak eskura du Bost ahizpa hau. Neu, aukeran, eta gurean antzerkia irakurtzeko ohitura handirik ez dagoela jakinik ere, egile beraren Lagun mina (Toribio Altzaga saria lortu zuen antzezlan laburra) gomendatzera ausartuko nintzateke, iruditzen baitzait estilo sendoagoz eta eduki mamitsuagoz taxututako lana dela.
Gotzon Hermosilla / Berria, 2003-08-30