Descripción
Laura Esquivel-ek dioenez, pertsona guztiok pospolo kaxa bat daukagu geure baitan eta, horietako bakoitza pizten dugun aldiro, energiaz betetzen dugu arima. Alabaina, norberak bere pizgarri propioak ditu (konpainia on bat, kopa bat ardo, poema bat, kantu bat…), eta horiek deskubritu ezean, noiz edo noiz pospoloren bat piztu ezean, kaxa umeldu egiten zaigu, eta ezinezkoa gertatzen da atzera berriz pospolorik piztea.
Literatura pizgarri baldin bazaizu, liburu honetan bost gai nagusi topatuko dituzu zeure kaxako pospoloak pizteko: amodioa, bidaia, mestizaia, literatura eta memoria. Eta gai nagusi horietako bakoitzaren inguruan errezitaldi baterako gidoi bat –testu esanguratsuen aukeraketa baten inguruan– eta bina ipuin topatuko dituzu, batzuk ezagunak Hamar mezu eta dei bat bezalakoak, bestetzuk ustekabekoak Ileak bainuontzian bezalakoak; baina denak ere asaldagarriak, sentsualak eta, batik bat, pizgarriak, zeure barneko pospolo kaxa umeldu ez dadin.